Erabiltzaileen gunea

Euskadiko Kirol Portuak 13 milioi euro inbertitu ditu euskal kirol-portuak modernizatzeko eta haien jasangarritasuna bermatzeko

Argitalpen-data: 

2013 eta 2025 artean egindako ekintzei esker, instalazio guztietako segurtasuna, energia-eraginkortasuna eta zerbitzuen kalitatea hobetu dira

Gasteiz, 2025eko urriaren 20-a. Euskadiko Kirol Portuak (EKP) 13 milioi euro bideratu ditu azken hamarkadan euskal kostaldean kudeatzen dituen portu-instalazioak hobetzera, modernizatzera eta haien jasangarritasuna sustatzera. Etengabeko inbertsio horri esker, kirol-portuen segurtasuna eta eraginkortasuna sendotu da, teknologia eraginkorragoa eta jasangarriagoa sartu da, eta erabiltzaileei edo lurralde osoari eskaintzen dizkieten zerbitzuak hobetu dira. 

Jarduera aipagarrienen artean daude Mutrikuko kirol-portuaren berrantolaketa integrala eta eraikuntza, 2M€-tik gorako inbertsioarekin; Getariako kapitaintza- eta zerbitzu-eraikina berritzea, 1M€ inguruko kostuarekin; eta Donostiako “Portaviones” eraikina birgaitzea, guztira 1,5M€-tik gorako kostuarekin. Bermeon, 2,4 milioi eurotik gorako inbertsioak egin dira erregaiaren hornidura-unitatea lurperatzeko, energia berriztagarriekin kargatu daitekeen jasogailu elektriko bat erosteko, lehorreratzeko orgak berritzeko eta Portu Zaharrean berriki esleitu diren pantalanak eta hornidura-dorretxoak berritzeko. Lekeitiok, berriz, kirol-portuaren berrantolaketa integrala egin du, eta bi milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin du. Horrez gain, Kapitaintzaren eraikin berria, erregaia hornitzeko unitate berria eta altxatzeko eta uretaratzeko garabia berritu ditu.

Azken jarduerak 2023tik 2025era bitartean egin dira, eta, besteak beste, sistema fotovoltaikoak eta telekontroleko dorretxoak instalatu dira Armintzan, Orion, Getarian, Hondarribian eta Bermeon, ainguralekuak berritu dira Mundakan, Armintzan eta Bermeon, irisgarritasuna hobetu da Mutrikun, eta garabia konpondu da Elantxoben. Edurne Egañak, Euskadiko Kirol Portuak erakundearen zuzendariak, azpimarratu duenez, “inbertsio horiek agerian uzten dute Eusko Jaurlaritzak portu-sare moderno, jasangarri eta hurbila izateko egiten duen etengabeko apustua, erabiltzaileen eta inguruaren eskaera berriei erantzuteko gai izango dena. Azpiegituretan ez ezik, kalitatean, berrikuntzan eta iraunkortasunean ere inbertitu dugu”.

 

Portuetako inbertsioak

Portua/Herria

Zenbatekoa guztira (M€)

Mutriku

2,185

Getaria

>1,88*

Hondarribia

0,30

Donostia

1,55

Plentzia

0,88

Bermeo

2,44

Lekeitio

2,73

Orio

>1,1*

Mundaka

0,17

Armintza

0,17

Elantxobe

0,002

  

Inbertsio-ardatz estrategikoak

Azken urteotan, EKPk inbertsio-estrategia integrala garatu du, hiru ardatz nagusitan oinarrituta. Lehenengoa, energia- eta ingurumen-jasangarritasuna da. Horretarako, luminariak LED teknologiaz ordeztu dira, sistema fotovoltaikoak instalatu dira Getarian eta Orion, eta makineria elektriko berritzailea sartu da, hala nola Bermeoko atari jasotzailea. Ekimen horien helburua da portuko eragiketen ingurumen-inpaktua murriztea eta eredu eraginkorrago eta ingurunearekiko begirunetsuago baterantz aurrera egitea.

Bigarren ardatzak portuko segurtasuna eta eraginkortasuna ditu ardatz. Horretarako, pantalanak, dorretxoak eta hornidura-unitateak berritu dira, portuak berrantolatzeaz gain, erabilgarri dauden espazioak optimizatzeko eta amarralekuen edukiera handitzeko. Irisgarritasuna hobetzeko inbertsio espezifikoak ere egin dira. Azkenik, EKPk erabiltzaileentzako zerbitzuen hobekuntza bultzatu du, Kapitaintzako eraikinak eraikiz eta berrituz, zerbitzu ekipamendu berriak sartuz, besteak beste, erregai, garabi eta ontzitegiak, eta portuen kudeaketa digitalizatuz, erabiltzaile guztiei esperientzia eraginkorragoa eta modernoagoa eskaintzeko.

 

Euskadiko Kirol Portuak-ri buruz

Euskadiko Kirol Portuak (EKP) Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikitako erakunde publikoa da. EAEko erabilera nautikoko eta olgetako portuen eta haiekin lotutako erabilera-eremuen kudeaketa integrala du eginkizun.

Guztira, kudeaketa autonomikoko 16 kirol-portu daude euskal kostaldean: Hondarribia, Molla-Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Elantxobe, Ea, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia.