Erabiltzaileen gunea

Eusko Jaurlaritzak aurten amaitzea aurreikusten du Plentziako kirol-portuko 204 amarralekuen esleipen berria.

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzak aurten amaitzea aurreikusten du Plentziako kirol-portuko 204 amarralekuen esleipen berria.
  • Euskadiko Kirol Portuak erakundeak ebazpen-proposamena bidali dio epaitegiari, eta prozedura osatzeko beharrezkoa den zozketa abenduan egitea aurreikusten du.
  • Urriaren 14ko auto judizialak betearazpen-intzidentea ebatzi du, eta 2021eko deialdiaren oinarrien arabera esleipen berri bat egiteko aukera eman du.

 Plentzia,  2026ko azaroaren 4a.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak urtea amaitu baino lehen osatzea aurreikusten du Plentziako kirol-portuan aisialdiko itsasontzientzako 204 amarralekuen esleipen berria, 2021eko deialdian jasotako plazei dagokienez. Esleipen berri horri esker, hasierako esleipenak baliogabetu zituzten ebazpen judizialak bete ahal izango dira.

Helburu horrekin, Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakundeko zuzendariak esleipenen ebazpen-proposamena bidali dio epaitegiari, prozedura osatzeko beharrezkoa den zozketa hurrengo abenduaren 14an egiteko aurreikuspenarekin batera. Proposamena erakundeak epaiak betearazteko egindako lan tekniko eta juridikoaren emaitza da.

Aurrerapausoa urriaren 14ko auto judizialaren ondoren etorri da. Auto horrek EKPk planteatutako betearazpen-intzidentea ebatzi du, eta ontzat eman du errekurtsoa jarri zuen pertsonetako batek prozedura berri bat deitzeko eskaerari uko egin izana. Ebazpenak 2021ean egindako esleipenen baliogabetzea berresten du, eta urte hartako urtarrilaren 20an onartutako deialdiaren oinarrien arabera esleipen berri bat egiteko aukera ematen du.

Prozeduraren jatorria EKPk 2021ean Plentziako kirol-dartsenako pantalanei dagokienez onartutako amarralekuen esleipenaren aurka jarritako errekurtsoetan dago. Errekurtso horien ondorioz, hamar epai irmo eman ziren, eta egindako esleipenak baliogabetzera behartu zuten erakundea.

Epaien edukia aztertu ondoren, EKPk esleipen hura indarrik gabe uztea erabaki zuen. Aldi berean, instalazioetan zeuden itsasontziei bertan jarraitzeko baimena eman zien, aldi baterako eta baimena edozein unetan baliogabetzeko aukerarekin, esleipen-prozedura berria amaitu arte.

Epaiek plazak esleitzeko irizpide berri bat ezarri zuten, ur-azaleraren erabilera optimizatzean oinarrituta, neurri desberdinetako itsasontziak konbinatuz. Hala ere, elkarren artean neurri batean bateraezinak ziren irizpideak jasotzen zituzten epai irmoak zeudenez, EKPk orain ebatzita dagoen betearazpen-intzidentea aurkeztu behar izan zuen, epaiak nola aplikatu eta zer prozedura jarraitu behar zen zehazteko.

Denbora horretan, erakundeak amarralekuen ahalik eta aprobetxamendurik handiena eta jatorrizko deialdian ezarritako berdintasun-printzipioen errespetua bateratzeko lan egin du. Horretarako, kalkulu matematikoan eta konbinatorian espezializatutako kanpo-aholkularitza izan du. Aholkularitza horren lanak epaitegira bidalitako esleipen-proposamena prestatzeko oinarri izan dira, baita egin beharko diren zozketen baldintzak zehazteko ere.

Azaroaren amaieran jakinaraziko dira, dagozkion bitarteko ofizialen bidez, zozketa horiek egituratuko dituzten baldintza espezifikoak.