Erabiltzaileen gunea

EKPk prozesu parte-hartzaile bat jarriko du martxan kirol portuetako amarralekuen araudia berritzeko

Argitalpen-data: 

Urrian eta azaroan egingo diren entzute saioetan erabiltzaileek eta itxaron-zerrendetan dauden pertsonek beren iritzia eta proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte. Entzute saioak urriaren 4an, 11n, 18an eta 25ean eta azaroan zehar egingo dira Orion eta Gernikan, metodologia parte-hartzaileen bidez.

EKPk prozesu parte-hartzaile bat jarriko du martxan kirol portuetako amarralekuen araudia berritzeko

Gasteiz, 2025eko, irailaren 24a. Euskadiko Kirol Portuak (EKP) entzute prozesu parte-hartzaile bat abiatuko du urria honetan, Eusko Jaurlaritzak berrikusi eta eguneratu nahi duen 2017ko urriaren 19ko Aginduari buruz. Agindu horrek arautzen du laketontzien titularrei amarralekuak emateko prozedura eta horiek erabiltzeko emakiden araubidea.

EKPren helburua kirol portuetako amarralekuen erabiltzaileei entzutea da, beren ikuspegiak, beharrak eta proposamenak jaso eta Eusko Jaurlaritzako organo eskudunari bidaltzeko, hark kontuan har ditzan araudiaren berrikuspen-prozesuan.

Portuetako agintaritzen  esanetan, “entzute prozesu honek aukera emango du erabaki inklusiboago, oinarrituago eta legitimoagoak hartzen. Herritarren parte-hartzea funtsezkoa da portuen kudeaketa eta araudiaren eguneratzea errealitateari hobeto egokitzeko”.

Entzute saioak urriko larunbatetan egingo dira eta enpresa aditu batek dinamizatuko ditu, metodologia parte-hartzaileen bidez. Saioak urriaren 4an eta 18-an izango da Gipuzkoako erabiltzaileekin Orioko Arraun Etxean, eta urriaren 11n eta 25-ean Bizkaiko erabiltzaileekin Gernikako Elkartegian. Ondoren, azaroan zehar ( datak aurrerago jakinaraziko dira) itxaron-zerrendetan dauden pertsonen txanda izango da Gipuzkoan eta Bizkaian.

4.000 amarraleku eta 6.000 eskari

Egun, Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen kirol portuetan amarraleku kopurua mugatua da, gutxi gorabehera 4.000 inguru. Aldiz, eskariak askoz handiagoak dira, 2.100 eskaera baino gehiago daudelarik itxaron zerrendetan. “Desoreka horrek argi uzten du espazioak eta baliabideak mugatuak direla, eta horrek kudeaketarako erronka garrantzitsua dakarrela”, adierazi dute.

Horregatik, araudiaren berrikuspen-prozesuak ezinbestekoa du eskaintza eta eskaria modu orekatuan eta bidezkoan bateratzeko ikuspegiak jasotzea. Jaurlaritzak argi du herritarren eta eragileen parte-hartzea funtsezkoa dela irtenbideak adosteko, gardentasuna bermatzeko eta portuen erabilera ahalik eta justuena egiteko.

Euskadiko Kirol Portuak erakundeari buruz

Euskadiko Kirol Portuak (EKP) Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikitako erakunde publikoa da. EAEko erabilera nautikoko eta olgetako portuen, eta haiekin lotutako erabilera-eremuen kudeaketa integrala du eginkizun.

Guztira 16 kirol-portu daude euskal kostaldean, Hondarribia, Molla-Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Elantxobe, Ea, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia.